Goiza
Planifikatu bezala, goiz altxatu (5.30) eta egun normala bezala dutxa+lan.
8.00tan umeak jaiki, gosariak, dena batu, eta lanean hirurak sukaldean. Bitartean, nobelaren testua pdf-an jarri dut eta Iosuri bidali, inprentara eramateko. Azkenean lehiaketara aurkeztuko dut, eta ale bat inprimatuta bidaltzea eskatzen dute. Ea biharko dakarren eta Korreosera noan. Epea martxoak 31an bukatzen da, beraz oraindik sasoiz gabiltza.
Etxetik 9.15 atera eta 13.15 heldu, hau plana!
Lehenik Lidl-era, asteko erosketa egitera. Errepidean auto gutxi, gehien bat kamioiak ikusten ziren. Dendan, jende normal, denak atean hartutako plastikozko eskularruekin. Horrek barik ez dago sartzerik. Denetarik zegoen, nabarmentzekoa esnea markakoak besterik ez zeudela. Prezioen aldetik ez dakit, ez dut aldaketa askorik nabaritu. Aurreko asteetako tiketak konparatzea litzateke. Baina ez daukat gogorik.
Amak bere erosketen zerrendaren argazkia bidali dit.
Erosketak egin eta Epaitegira, Berrizera. Badaezpada, bake epaile izendapena neraman poltsan, justifikatu behar izan ezkero zerbait edukitzeko. Ez dut behar izan. Baina idazkariak Auzitegi Nagusitik bidalitako dokumentua sinatu dit, "pase" bezala. Berrizen. azken astean ez da inor hil. Ez jaio, ez ezkondu.
Gero bai, Elorrixotik pasatu naiz Ama ikustera. Bost minutu egoteko asmoa ia bi ordutara luzatu zaigu... bakarrik dago, hitz egiteko gogoa zeukan: oporrak (14an bueltatu zen Tenerifetik), herriko kukuxumuxuak, bere eguneroko egitekoak, Aita... gaur be negar egin du. Oihanek deitu diola aprobetxatuz, gora joan naiz, beraien lehengo logelara. Maiderrek esan zidan Aitaren armairuan bere arropak oraindik bere usaina zutela. Ez da egia. Arropa usaina besterik ez zeukan. Arrasto hori be joan da, 7 hilabete hauetan.
Amak porruak zeuzkan prest. Biharko menua.
Umeak jaitsi dira portalera, erosketak igotzeko. 3 pisu dira, igogailurik gabe, beraz ez da lan makala. Autoa aparkatzera joan naizen tarte labur horretan, bueltarako erositako guztia batuta zeukaten, gauza bakoitza bere lekuan. Eta Maiak bazkaria berak prestatuko zuela esan duenez, laneko emailak errebisatzera igo naiz.
Bazkal ostean... "Se quien eres" seria ikusten jarraitu dut, "Picture-in-picture" moduan, eta aldi berean hau egiten, nobela zabalik, twitter, guatxapa eta beste zerbait. Astelehen tontoa, bihar serioski lan eguna, etxetik atera gabe. Bai, etxetik ateratzea nekatu nau gaur.
No hay comentarios:
Publicar un comentario